Egian, euskaraz bizI nahi dugulako

...

Esperientzia berria da hau, eta elkarrekin zer ikasi eta zer konpartitu asko izango dugu. Izan ere, euskaldunoi zalantza berak sortzen zaizkigu hainbat egoeren aurrean: denda batean euskaraz ez dakitenean, solaskideak euskaraz ulertu bai baina hitz egiteko gauza ez denean, euskaraz ez dakien batek inguru osoa erdarara bultzatzen duenean…

Eguneroko egoera hauetan euskaraz aritzea eta hortik ikasitakoa konpartitzea da ekimen honen helburua; modu kolektiboan esperientziak trukatzea eta pausoak ematea, azken batean.

Euskaraz bizi eta esperientziak konpartitu

Hain justu, lekukoak lekukotza bihurtzea da esperientzia honen helburuetako bat: horretarako, astero testigua hartzen dutenek bideo bat grabatuko dute beren bizipenak kontatuz, eta EGIA EUSKARAZ taldearen blogean zintzilikatuko da gero bideo hori. Koadernotxoak ere erabiliko ditugu gure eguneroko bizipenak bertan jasotzeko.

Amaiera gisa, bizitako esperientziak konpartitzeko eta elkarrekin ospatzeko eguna izango da martxoaren 12an antolatuko den EGIA EUSKARAZ eguna.

Egiako dendetan euskaraz

Esperientzia hau gauzatzen laguntzearren eta euskaraz zerbitzua ematen duten merkatarien ahalegina eskertzearren, EGIAKO DENDETAN EUSKARAZ gida kaleratu da. Erabil ezazu!

(IRRIBARREZ) APLIKATZEKO AHOLKUAK

Irten hizkuntzaren armairutik. Euskaraz bizitzeko portaera-gida” liburutik ateratako aholkuak dira ondokoak. Lagungarri izango zaizkizu, seguru.

EZAGUTZEN EZ DUGUN JENDEAREKIN ARITZEKO

Lehen hitza euskaraz

Lehen hitza euskaraz egitea da modurik onena ezezagun batek euskaraz dakien jakiteko. Egin lehen hitza beldurrik gabe, eta sorpresa ederra hartuko duzu zenbat jendek dakien euskaraz!

Eta hurrengo hitzak ere bai

Gerta liteke aurreko lagunak euskaraz ulertzea baina gurekin hitz egiteko ez moldatzea, eta gure “kaixo” horri gaztelaniaz erantzutea. Solaskideak ulertzen bagaitu, euskaraz jarrai dezakegu lasai. Elkarrizketa elebiduna izango dugu agian, gu euskaraz eta bera erdaraz, baina guk gureari eutsiko diogu. Zaila dirudi, baina ohitura kontua da. Pazientzia izan.

Erabakia zurea da beti

Solaskideak euskaraz ez dakiela esaten badizu, edo zuzenean esaten badizu berari gaztelaniaz egiteko, erabakia zure esku dago beti. Euskaraz jarraitzeagatik aurpegi txarrarekin edo hitzez erasotzen bazaituzte, ondoko aholkuak lagungarri izango zaizkizu:

  • Ez ezazu itzuli erasoa: horrek eskalada besterik ez du eragingo eta kostu emozionala ekarriko dizu.

  • Ez justifikatu zure portaera: zure portaera justifikatzen ari zarenean, zure portaera kuestiona dezaten legitimatzen ari zara.

  • Sahiestu itzazu ideologian, historian eta eskubideetan oinarritutako eztabaidak. Gogoan izan Oscar Wildek esandako hura: “arrazoia da mundu honetan ugarien dagoen substantzia: guztiek dute guztia, denbora guztian”.

Irribarrea lagun

Arma boteretsua da irribarrea, aurrean dagoena desarmatzeko balio du. Zuk segi zurearekin eta erakutsi zure irribarrerik hoberena!

LAGUN ETA EZAGUNEKIN ARITZEKO

Posible da ohiturak aldatzea

Elkarrekin gaztelaniaz aritzeko ohitura handia dugu euskaldunok. Baina ohiturak alda daitezke, hori argi dago. Nahi izatea eta pausoak ematea da kontua. Gure lagunen batekin hizkuntz ohiturak aldatzen hasi nahi badugu, kontuaz hitz egitea da lehen pausoa, gaia mahai gainean jartzea. Behin hori eginda, beti da lagungarria aldaketaren alderdi positiboak azpimarratzea eta kontua ultimatun bat bezala ez planteatzea. Ezina ekinez egina… eta irribarre onenarekin beti. Ezezagunei irribarre egingo badiegu, lagunei nola ez?