Hizkuntza ohiturak aldatzeko egitasmoaren emaitzak aurkeztu dituzte. Ondorio nagusietako bat zera da, euskarari eusten diotenen ohituretara egokitu egiten direla gainerakoak.
Orain zazpi urte jarri zuten martxan Aldahitz egitasmoa, hizkuntza ohiturak aldatzeari begira. Horren barruko proiektu bat izan da Eusle metodologia. Hain justu, metodologia hori erabili dute hainbat herritan euskaldunen aktibazioa lortzeko proiektuetan —Lasarte-Orian, adibidez—. Hau da oinarria: eusle izeneko figura hartzen dute euskaldun batzuek, eta konpromisoa dute euskaraz egiteko beti; gainerako lankideek onartu egiten dute jokabide hori, nahiz eta haiek obligaziorik ez eduki euskaraz egiteko.
Ikerketaren ondorio nagusietako bat hori da, hala ere: gainerako hiztunak egokitu egiten direla eusleen jarrerara, eta, beraz, euskararen erabilera handitu egiten dela. Hamahiru lantokitan probatu dute Eusle metodoa, eta ia 11 puntuko aurrerapena egin dute —hasieran, egitasmoa indarrean zela handiagoa, eta gero pixka bat jaitsi da—.