Orduak:
15:00etatik 16:00 arte ala 15:00etatik 16:00ak arte?
Euskaltzaindiaren 35. arauak honako hau dio horri buruz:
"Euskaltzaindiaren iritziz, egokia da orduak esateko eman diren gomendioak zenbakietan ere betetzea.
Hortaz,
- Orduei pluraleko kasu-marka ezarriko zaie:
15:00etan ; 15:00etara ; 15:00ak arte ; 15:00etatik
- Minutuei singularrekoa (behar denean lotura bokala erantsiz):
15:01ean ; 15:01era ; 15:01 arte ; 15:01etik ; 15:02an ; 15:02ra ;15:02tik...
Beraz, hitz egitean arratsaldeko hiruretatik laurak arte esaten dugunez, 15:00etatik 16:00ak arte idatzi behar da.
· Oharra: arratsaldeko hiruretatik laurak arte gomendatzen da irakurtzea hizkera arruntean, egunerokoan; horrexegatik idatzi dizugu horrela (eta ez hamabostetatik...) aurreko lerroan.
· Baduzu beste aukera bat: 15:00etatik 16:00etara idaztea, eta arratsaldeko hiruretatik lauretara esatea.