Hizkera sexistarik ez erabili
Gizon hitza gizonezko adierazteko erabiliko da. Bi sexuetako pertsonak izendatzeko, pertsona, jende edo gizaki idatziko da.
Oro har mintzatzeko, -lari eta -ri atzizkiak erabiliko dira, eta ez -gizon: esaterako, legelari, eta ez legegizon. Orobat jokatuko da genero marka duten beste atzizkiekin: gizon-emakumeez aritzeko, iruindar erabiliko da, eta ez iruinseme.
Tradiziorik gabeko hitzetan, -sa atzizkia ez da erabiliko: esaterako, aktore idatziko da, eta ez aktoresa*; dantzari, eta ez dantzarisa*.
Beste hizkuntzetatik itzultzeko orduan, kazetariak saiatu behar du egoki euskaratzeko informazioa biltzen.
Esaterako, jakin behar du children, enfants edo hijos zer diren zehazki: seme-alabak, semeak edo alabak.
Informazio hori biltzea ezinezkoa bazaio, seme-alabak idatziko du, eta txikiak badira, haur eta ume ere erabil ditzake.
Modu berean jokatuko du euskaraz hitz elkartuak erabiltzen diren beste kasuetan ere: neska-mutikoak, errege-erreginak, maisu-maistrak, jaun-andreak, andre-gizonak, neba-arrebak...
BERRIAn ez da erabiliko estereotipo sexistei loturiko adjektiborik.
- Angels Barcelo kazetari beltzarana
Familia loturen aipamen alferrikakorik ez da egingo. Albisteari estu loturiko datua baldin bada bakarrik aipatuko da ahaidetasuna edo harreman pertsonala. Dena dela, betiere izen-abizenak idatziz identifikatuko dira pertsonak, eta sekula ez familia lotura hutsekin.
- Putin eta bere emaztea atzo iritsi ziren Parisera.
Albisteetako protagonistak aipatzeko, irizpide berak erabiliko dira beti, aipatua gizona izan zein emakumea izan. Hala, lehen aldian izen-abizenak idatziko dira, eta hortik aurrera, abizena bakarrik.
- Gurrutxagak ere ale politak utzi zituen, Mendiluzek bezala, baina Maialenen eta Maiaren lana izan zen biribilena.
- Gurrutxagak ere ale politak utzi zituen, Mendiluzek bezala, baina Lujanbioren eta Maiaren lana izan zen biribilena.
- Guztira 13,5 milioi lagunek ikusi zuten Barbara Walters kazetariak Hillaryri eginiko elkarrizketa.
- Guztira 13,5 milioi lagunek ikusi zuten Barbara Walters kazetariak Hillary Rodhman Clintoni eginiko elkarrizketa.
Emakumeez mintzatzean, ez dago zertan genero aldetik markatua den hitzik erabili, gizonei buruz ari garela pareko hitzik erabiltzen ez bada. Hala, gogoan izan gazte bat mutil bat nahiz neska bat izan daitekeela, eta abar.
- Aitor Perez motz aritu zen, baina Alize Mendiburu andereak osatu zuen.
- Aitor Perez motz aritu zen, baina Alize Mendiburuk () osatu zuen.
Pasartea |
Zer da feminista izatea?
Duela hainbeste urte, hitza hiztegian bilatu nuenean, hauxe aurkitu nuen: "Feminista: sexuen arteko berdintasun sozial, politiko eta ekonomikoan sinesten duen pertsona".
Entzun ditudan istorioak kontuan hartuta, gure birramona ere feminista zen. Senartzat nahi ez zuen gizonaren etxetik ihes egin, eta berak aukeratutako gizonarekin ezkondu zen. Emakume izateagatik lurrak eta aukerak kentzen ari zitzaizkiola sentitu zuenean, ez zuen onartu; protesta egin, eta egoera salatu zuen.
Birramonak ez zuen" feminista" hitza ezagutzen, baina horrek ez du esan nahi ez zenik. Askoz ere jende gehiagok aldarrikatu beharko luke hitz hori. Ezagutzen dudan feministarik onena Kene neba da, gazte atsegin, erakargarri eta oso maskulinoa ere badena.
Neuk ematen dudan definizioaren arabera, feminista da honako hau esaten duen edozein gizon edo emakume: "Bai, gaur egun genero-egoerarekin arazorik bada eta konpondu behar badira, gauzak hobetu egin behar ditugu", eta guztion artean hobetu behar ditugu, gizonek zein emakumeok.